Urola Garaiko Berdintasun Arlotik eta maiatzaren 17a LGBT+ fobiaren aurkako egunaren bezperatan, “Sexu eta genero aniztasuna hirietatik at” hitzaldi-tailerra antolatu dugu.
Hiruki Larroxa Kooperatibako eta EHGAMko kidea den Ibai Fresnedok dinamizatuko du saioa.
“Sexu eta genero aniztasuna hirietatik at” lanketa egitea garrantzitsua da Hiruki Larroxatik dioten moduan “LGBT+ pertsona gehienok, hirietatik at sortu garelako; herrietan sortu, hazi eta bizi(raun) izan gara, herrietako dinamika itxiek hirietara erbesteratu gaituzten arte, sexilioa aukeratu dugun arte”. Hori errealitate bat izanik, hurrengo galderei erantzuna bilatzen hasi nahi dugu Urola Garaian: erroan, zerk egiten du LGTB+ pertsonok herriak uzteko hautua hartzea? Zergatik “ihes” egiten dugu hirietara? Zergatik da hain garrantzitsua geure komunitateak herrian bertan sortzea?
Ondorioz, Hiruki Larroxa Kooperatibatik adierazten dutenarekin bat gatoz, “herri txikietan sumatzen den hutsunea, hain zuzen, hirietan LGBT+ pertsonok orain arte egin dugun lanketa guztia da. Sexu eta genero aniztasunak urteetan sortu duen hausnarketa eta praktikak herrietan ere egitea falta baita. Sexu askapenaren diskurtsoak bertako komunitateak busti behar ditu, gutxika-gutxika, bertako dinamika sozialak galdekatuz eta irauliz. Alegia, bailaraz bailara eta herriz herri sexu askapenean oinarritzen den aniztasun hori landuz”.
Beraz, hori guztia gure eskualdean lantzen hasteko, bi ordutako hitzaldi-tailerra burutuko dugu:
- EGUNA: MAIATZAK 15
- ORDUA: 17:30-19:30
- LEKUA: Urola Garaiko Emakumeen Etxea – Pagoeta auzoa, 1 – Urretxu
- HIZKUNTZA: elebitan
- Izen-ematea ez da beharrezkoa
Saio honetan, gogoeta egin eta ideiak edo estrategiak partekatuko dira, Urola Garaiko LGBT+ pertsonentzat inguru bizigarria eta berdinzaleago bat eraikitzen hasteko lehenengo pausua eman nahi dugu.